jueves, 19 de enero de 2017

121 Krew elkarrizketa

Egun on! Gaur sekzio berri bat hasiko dut: Elkarrizketak. Eta hasiera ezin hobea izango du, ziur ezagutzen duzuen talde batekin: 121 Krew





121 Krew 2000 urtean jaio zen Bilbo eta Barakaldo artean. Talde kideak (Maisha, Rufo, Imanol, Hawa eta Endika) Euskal rapa nagusitu dute. 3 disko atera, eta kontzertu asko egin dituzte. Hemen uzten dizuet elkarrizketa:



Duela hamar urte pasatxo ekin zion bideari 121 Krew taldeak, Barakaldo zein Bilbo artean eta graffiti kolektibo gisa. Ondoren etorri zen hip-hop taldea sortzearena. Urteetan zehar, aldaketa batzuk izan dituzue taldean. Egun, zertan da 121 Krew-ren egoera?
Endika "Lahaine": Bai, esan duzun moduan 121 Krew graffiti talde bezala hasi zen. Baina denbora gutxira, indar guztiak musika arlora bideratu genituen. 12 urte pasa dira eta bidean taldeak aldaketa asko bizi izan ditu, gehienetan partaide berriak gehituz proiektura. Egun sei kide gara, rap taldeen artean nahiko arraroa dena. Honek erraztasunak ematen ditu kantuak sortzerako orduan idei pilo bat izaten direlako. Baina, aldi berean zaila egiten da talde handi bat aurrera ateratzea bakoitzak bere zeregin gehienak musikatik kanpo dituenean.

2011. urte hondarrean Hiriaren taupadak lana kaleratu zenuten MusikHerria kolektiboarekin. Zuen lanik borobilena dela esango nuke.
Endika "Lahaine": Egia esanda oso pozik gelditu gara emaitzarekin. Taldekide bakoitzak bere ideia zuen diskoaren inguruan eta azkenean emaitza guztion gustukoa izan da. Aipatzekoa da arlo honetan David Nanclares eta Unai Gonzalezek nahasketan eta masterizazioan egin duten lana

Duela bi urte kaleratu genuen Entzun! liburuan argitaratutako “Euskal rapa” erreportajean, Aritz Sound System-ek idatzi zuen euskara hutsez kaleratutako rap disko askorik ez zegoela (Selektah Kolektiboa, MAK, Norte Apache, 121 Krew...). Zorionez, egoera aldatzen ari da. Esan daiteke, poliki bada ere, euskal hiriak rap doinuekin taupadak egiten hasiak direla?
Maisha: Bai, halaxe da. Eta hain justu Aritz Sound Systemen lana ezinbestekoa izan da. Jendeak ez daki guzti hau aurrera eramateko egon den lana. Talde pilo bat agertu da azken bolada honetan. Haize berri horiek, etorkizunean Euskal Herrian hip hopa eta rocka parekatuko dituzte: entzule kopuruen artean, jarraitzaileen artean, musikari zaion errespetuari dagokionez ere... Gainera, talde berri horiek Aritz Sound Systemek egindako lan neketsu hori inoiz ez ahaztea gustatuko litzaidake. Euskal Herriko belarriak irekitzea ez baita lan erreza.
"Ez dut ulertzen nola den posiblea Euskal Herriko irrati gehienek Amerikako Estatu Batuetatik etorritako rapa pintxatzen duten (...), eta etxekoaz ahazten diren..."
Azken horrekin lotuta, Info7 irratiaren bitartez Rapherria, euskaraz abestutako rap abestien bilduman parte hartu duzue.
Endika "Lahaine": Oso ekimen polita iruditzen zaigu. Egia esanda ez genuen espero hainbat talde berri agertzea! Asko ezagutzen genituen aurrez, baina beste batzuk ez. Bilduma honek, raparen inguruan Euskal Herrian oinarri bat eratu dela argi uzten du, baina oraindik pausu asko gelditzen zaizkigu emateko. Zoritxarrez, ezin izango dugu bildumaren aurkezpen kontzertuetan parte hartu, hemendik gutxira 121 Krew-ek aurkeztuko duen ikuskizun berria prestatzen ibili gara eta.
Maisha: Endikaren hitzak nireak egiten ditut. Ordea, nire ustez euskarazko rapak duen MC-rik onena falta da bilduma horretan: Norzzone, alegia.
"Aritz Sound Systemen lana ezinbestekoa izan da. Jendeak ez daki guzti hau aurrera eramateko egon den lana. Talde pilo bat agertu da azken bolada honetan. Haize berri horiek, etorkizunean Euskal Herrian hip hopa eta rocka parekatuko dituzte: entzule kopuruen artean, jarraitzaileen artean, musikari zaion errespetuari dagokionez ere..."
Dena den, esan daiteke rap eszena zabaldu eta mardultzen doan arren, beste musika estiloek baino zailtasun gehiago izan ohi duzuela zuzenekoak lotzeko?
Maisha: Nire kasu konkretuan, rap baseak egiteaz aparte, dubstep, electro-hop, eta drum&bass musikak ekoizten ditut. Euskal Herrian jada oso kalitate altuko rapa egiten da gaur egun, hala eta guztiz ere oraindik kostatzen zaigu zabaltzea. Imajinatu dezakezu dubstep bezalako musika mota zabaltzeko egiten ditugun esfortzuen emaitza... Ez dut ulertzen nola den posiblea Euskal Herriko irrati gehienek Amerikako Estatu Batuetatik etorritako rapa pintxatzen duten, kanpotik etorritako housea eta electrohopa pintxatzen duten, eta etxekoaz ahazten diren... Ematen du Euskal Herrian bakarrik pop-rocka egiten dela.

Lehen bertso-rapa Negu Gorriak taldearen eskutik entzun genuen, baina gutxik izango du parte hartuta zuek baino bertso-rap saio gehiagotan. Nola sortu zen bertsoak eta rapa uztartzearen ideia hori?
Endika "Lahaine": Ideia Aritz Sound Systemena izan zen. Ez dira gutxi formatu honetan egin ditugun ikuskizunak. Dena den, aspalditik erabaki genuen horrelako gehiago ez egitea. Gurea gehienbat idaztea da, eta ez diogu bertsolaritzan inprobisazioari ematen zaion garrantzia bera ematen.
Maisha: Zaharra eta modernoa, baina biak euskarazkoak, batzeko asmotan egin genuen. Orain ordea gure musika aurrera eramaten saiatzen ari gara.

Etorkizun hurbilerako zein asmo du 121 Krew-ek?
Maisha: Kaleratu berria da Hiriaren Taupadak gure azken lana. Oso gustura egin dugu eta ilusio handia jarri dugu KD horretan. Diskoaren zuzenekoa prestatzeko asmoa dugu orain.
Endika "Lahaine": Horretaz aparte taldekide gehienok beste proiektu batzuetan murgilduta ere bagaude eta ia laster hauek aurkezteko moduan gauden!

Agurtu aurretik, beste zerbait gehitzerik nahi?
Maisha: Nahiz eta beharbada gureak ez izan, hiriaren taupadek esnatuko zaituztete guztiei. Eskerrik asko elkarrizketagatik eta besarkada handi bat musika estilo ezberdinen maitale guztiei.


Hemendik hartu dut elkarrizketa: Entzun! 121 Krew




No hay comentarios:

Publicar un comentario